lupa
esp eus eng fr

Sistema hidrikoa

Añanan, gesalaren banaketa-sistema benetan ezohikoa da, zurezko egitura dela kausa, baina baita iturburu-sistema batean eta duela 1.200 urte baino gehiago idatziz dokumentaturiko erabilera-eskubide zaharretan oinarrituta dagoelako ere.

Gesala -litroko 210 gramo gatz inguru duen ur gazia- jariatzen duten iturburuak Haranaren goialdean daude, hego-muturrean. Pinu-zurezko ubideen sistemak grabitate bidez banatzen du gesala gatz-ustiategi osoan zehar.

Añanako gatz-egileek zurezko enbor hustuekin eraikitako ubideen banaketa-sistema sortu zuten. Ubide-sare horrek, guztira, lau kilometrotik gorako luzera du. Hainbat euskarri-sistemari esker, gesala grabitate bidez gatzagetako ia puntu guztietaraino heltzeko beharrezko aldapari eusten zaio.

Horrela, paisaia paregabe eta txundigarria eratu da. Bertan, ubideak zoruan bermatuta ikus daitezke, edo 10 metroko garaierara heltzen diren zurezko zutabeek eutsita, mendi-magalen arteko desnibela gainditu ahal izateko.

Iturburuetatik jariatzen den ur gazi kopuruak eta jabe kopuru handiak uraren banaketa arautu eta zaindu beharra eragin zuten, larrain-multzo guztiak jorratzeko nahikoa ur egon zedin.

Urte osoan, egunez nahiz gauez, iturburuetatik jariatzen zen gesalak jabe bat izaten zuen esleituta. Ordutegi zorrotz bati jarraiki, gatz-egileek banaketa-ubide nagusietako ur gaziaren emaria eteten zuten, buztinez, eta, zegokien denboran, beren putzu eta larrainetara bideratzen zuten.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN   ONARTZEN DITUT COOKIEAK    Más información