lupa
esp eus eng fr

Kudeaketa Plana

Añanako Gatz Harana jardunbide egokien eredu adierazgarria da ondare- eta ingurumen-arloan, harmoniatsu uztartzen dituen heinean haraneko balio ukigarri eta ukiezin guztien kudeaketa, balioespena eta leheneratze iraunkorra.

Haranaren indargune nagusia erakunde publikoen, lurraldeko biztanleriaren eta, batik bat, tokiko komunitatearen ahobatezko babesean datza.

Kudeaketa Plana 2013. urtean eguneratu zen UNESCOren Munduko Ondare izateko Gatz Haranaren hautagaitzarako. 2000 eta 2004 artean garaturiko Plan Zuzentzaile sendoan oinarritzen da; aipatu plan hori diziplina anitzeko talde zabal batek garatu zuen, Gatz Harana ikuspegi guztietatik dokumentatu eta aztertu zuena eta hura balioestea lortzeko jarraitu beharreko bidea eta pausoak proposatu zituena. Kudeaketa Planean jasotako zuzentarauak dira Gatz Haranaren iraunkortasuna leheneratzeko gida.

Proiektuaren izaera ebolutiboak eta denbora honetan pilaturiko eskarmentuak lan-ildo berriak garatzera eta aurretik planteaturikoetan aldaketak eta hobekuntzak txertatzera eraman gaituzte. Hala, Kudeaketa Planak bildu egiten ditu Plan Zuzentzailea eta munduan paregabea den gatz-fabrika honen etorkizuna sustatzeko eta bermatzeko beharrezko eguneraketa guztiak.

Gatz Haranaren leheneratzea eta balioespena proiektu eredugarria da, ondoko arrazoiengatik:


- Ikerketa eta ezagutza sustatzeagatik, arkitekto, arkeologo, ingurumen-aditu, geologo, ekonomialari, paisajistek eta abarrek osaturiko diziplina anitzeko eta diziplina arteko talde batek idatzia. Haien zuzentarauek aukerez beteriko oraina eta etorkizuna ematen dizkiete Gatz Haranari eta bere lurralde-inguruneari.

- Erakundeen eta herritarren arteko lankidetzaren adibide delako. Proiektuan, ondare arloan eskumena duten Herri Administrazio guztiek eta Gatz Haranaren ingurunean bizi den biztanleriak elkarlanean dihardute. Guztiak daude ondasuna kudeatzen duen Fundazioaren baitan.

- Tradizioak eta modernotasunak oreka ezin hobean bat egiten duten paisaia kultural bizia leheneratzen laguntzen duelako eta horren eredu delako mundu mailan. Gatz-egileek 7.000 urtean baino gehiagoan garaturiko “jakinduria praktikoaren” eraikuntza- eta ekoizpen-teknikak batera erabiltzen dira Gatz Harana eta bertako Añanako Gatza nazioarteko erreferentziazko adibide bihurtzen dituzten beharrezko eraikuntza- eta ekoizpen-aurrerakuntzekin.

- Harana bere osotasunean txertatzen duelako ondarearen alor guztien kudeaketa eta babeserako politiketan: Interes Kulturaleko Ondasun izendapena (posible den babes-maila handiena) eta Ramasar Hezegune izendapena, edo UNESCOren Munduko Ondare eta Munduko Nekazaritza Ondareko Sistema Adimentsu (GIAHS) izateko hautagaitzak.

- Jendartean nazioarte mailan oso modu desberdinetan sustatzeagatik nazioarte paisaia kulturalaren balio ugariak, ekosistema hauen oreka ekologiko hauskorraren leheneratze- eta mantentze-lanetan lanbide tradizionalen garrantziaz kontzientziatzen saiatuta.

- Gatz Haranaren eta ingurunearen leheneratze sozial eta ekonomikoa sustatzeagatik biztanleen artean, bereziki gazteei begira, enplegu- eta prestakuntza-politikak garatuz, eta harrotasun-, kidetza- eta identitate-sentimendua bultzatzeagatik haranean bizi diren edo berau gozatzen dutenen artean.

- Ondasunaren erabilerari eta kudeaketari dagokienez, jendartearen parte-hartze aktiboaren eredu izateagatik. Horren adibide gatz-egileen Gatzagak elkartea da, Gatz Haranaren jatorrizko jabea, alegia. Elkarteak 900 urtetik gorako historia du, eta ondareari egin dakiokeen eskuzabaltasun eta begirunezko ekintzarik handienetako bat egin du: larrainen jabetza Añanako Gatz Harana Fundazioari eman.

Gatzagak elkartea, ondare ukiezinaren gordailuzaina, eta Gesaltza-Añanako Udala dira tokiko komunitate osoaren ordezkariak, baita Fundazioko kideak ere. Hala, Paisaiaren Europako Itunaren oinarrizko beste printzipio bat betetzen da: Gesaltzako biztanleriak aktiboki parte hartzea ondasunaren kudeaketan. Horrela, aitortuta geratzen dira ezagutza eskuratzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan dituzten eskubide eta erantzukizunak.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN   ONARTZEN DITUT COOKIEAK    Más información