Gatz Haraneko motor ekonomiko nagusietakoa kalitate oneneko gatzaren ekoizpena da. Tokiaren ezaugarriak eta berezitasuna direla-eta, gatz-jarduera gatz natural, ekologiko eta kalitate handikoa ekoiztera dago bideratuta, merkatuan gatzaga tradizional hoberenekin lehiatzen dena. Horregatik, Añanako Gatza munduko onenetakotzat jotzen da.
Paisaia Kulturalaren ikuspuntu ekonomikotik eta etorkizunari begira, funtsezkoa da gatz-jarduera sustatzea. Añanako Gatz Harana Fundazioa, ekoizpenaren arduraduna izateaz gain, gatzaren aparteko kalitatea islatuko duen marka-irudia sortzeaz arduratzen da. Horretarako, munduko sukaldari onenetako zenbaiten laguntza eskuzabala dauka, izan ere, gatzaren ezaugarriak beren jatetxeetan baliatuz eta haien irudi publikoa proiektuari eskainiz bermatzen baitituzte.
Gatza teknika tradizionalak baliatuz eta tokiaren iraunkortasun- eta errespetu- parametroen arabera ekoizten da. Gainera, gatz-jardueraren bideragarritasunak bermatu egiten du Gatz Haraneko benetakotasun- eta osotasun-balioen iraunkortasuna.
Kalitatearen aldeko apustuak ikuspegi berria dakar. Gatz bat besterik ez ekoitzi beharrean, historia osoan bezala, Fundazioak lau gatz natural mota merkaturatu ditu: Iturburuko Gatz Minerala, Gatz Loreko Ezkatak, Iturburuko Gatz Likidoa eta Gatz Txuzoa.
Txuzoa bakarra da munduan eta, gutxi ekoizten dela-eta, bildumagileen objektu da ia. Txuzoak sortzen dira ur-kopuru txikiak altxaturiko egitura eta ubideetan zehar sartzean, tantaka-tantaka gatz-estalaktitak eratzen dituzte eta, adituek eginiko dastaketa-azterketen arabera, horiek dira kalitate oneneko gatza.
Añanako Gatzaren ekoizpenak eta salmentak oso ehuneko garrantzitsuan laguntzen diote leheneratzeko eta balioesteko proiektuaren autofinantzaketari.