lupa
esp eus eng fr

Jatorria

Aro Triasikoan -duela 251 milioi urte inguru hasi eta duela 200 milioi bat urte bukatu zen-, kontinente guztiak batuta Pangea izeneko kontinentea osatzen zuten garaian, Gesaltza-Añana ozeano handi baten murgilduta zegoen. Ozeano horren uren lurrunketak ebaporita-geruza handiak eragin zituen hondoan eta, denborarekin, horiek beste estratu batzuek estali zituzten.

Añanan gatza egoteko arrazoia diapiro deritzon fenomeno geologikoa da. Labur azalduta, material antzinakoagoak lurrazal gainera igotzean datza, materialon dentsitate txikiagoa dela medio, likido batean sarturiko airezko burbuila batek goranzko mugimendua duen bezala.

Prozesu berezi hau duela 200 milioi urte inguru hasi zen, Triasikoko harkaitz ebaporitikoak Keuper fazieetan -5 bat kilometroko sakoneran kokatuak- lurrazalera igotzen hasi zirenean, gatzagetako paisaiaren material bereizgarriak berekin arrastuta: karniolak, ofitak, kareharriak, tuparriak, buztinak, etab. Prozesu hau aktibo dago oraindik.

Diapiro gainean eroritako euri-urak, lehenik eta behin, harkaitzezko goialdeko estratuak zeharkatzen ditu, eta, ondoren, gatz-geruzak; gero berriz igotzen da gainaldera iturburu edo jariatze hipergazi eran. Añanako iturburuek, batez beste, 2 litroko emaria eragiten dute segundoko, 240 gramoko gatz-metaketarekin litroko.

Diapiroarekin loturiko sistema hidrologikoa Arreoko Aintzirarekin osatzen da. Bertako urak, lurruntzeen gaineko arro itxi baten daudenez, gaziak dira era berean. Aintzirak zein gatzagek informazio paleoanbiental eta paleoklimatiko garrantzitsua gordetzen duten metakinak dituzte, hala nola gatzaga-ingurugiroetako bioaniztasun tipikoa. Horregatik, eta horiei eusteko helburuarekin, gune biak jaso dira nazioarteko garrantzizko Hezeguneen RAMSAR Zerrendan.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN   ONARTZEN DITUT COOKIEAK    Más información