Gatz-egileek elementu naturalak profitatuz garaturiko jakinduria eta teknikei esker, ustiapen industrial iraunkorra lortu da.
Iturburuetatik jariatzen den urak, mendi-magal aldapatsuek, eguzkiak, haizeak eta teknika tradizionalen erabilerak paisaia berezia sortzen dute. Mendeetan, sekula ez da izan hondakin-materialik, eta baliabide natural guztiak baliatu dira ahal izan den guzti-guztietan.
Erabiltzen diren material guztiak naturalak dira, ezegonkortasun uneren batean salbu, izan ere, haraneko bizitza arautzen duten funtsezko printzipioak irizpide ekonomikoak bakarrik lehenesteko baztertu baitziren. Gatz ekoizpena zein egituren eraikuntza iraunkor baino iraunkorragoak dira, ingurumen-oreka eta ekologiko ona lortuta.
Gatz Harana etengabe mantendu da, logikoa den bezala une txarragoak eta hobeak bizi izanda, merkatuetako gatz eskaera gorabeheratsua tarteko.
Unerik txarrenetako bat XX. mendean gertatu zen, garraioen mekanizazioak eta itsas gatzagetako eta meategietako ekoizpen tekniken hobekuntzak porrot sistemikoak eragin baitzituzten lehorreko gatzaga tradizionaletan, alegia, familia- eta artisau-ekoizpena jorratzen zutenetan. Merkatuetako lehia basati horren ondorioz, Añanako gatz-egileak, besteak beste, zementua, ez iraunkorra, ezta ekologikoa ere, aplikatzen hasi ziren antzinako larrainen gainazalean. Hala, gatzagen historian lehenbizikoz, hondakinak sortu ziren; oso zailak ziren desagerrarazten, haranetik kanpora eramateak ahalegin handia eskatzen baitzuen.
Era berean, lurruntze-azalera ere nabarmen handitu zen, larrainak leku desegokietan eraikitzeagatik, gatz-egileen belaunaldiek milurtekoetan aplikaturiko “jakinduria praktikoa” alde batera uzten zuten material eta teknika ez-iraunkorrak aplikatuz.
XX. mendearen bukaeratik gatz-egileek sustaturiko iraunkortasunaren leheneratzea beste mugarri bat izan da Añanako gatzagen historian. Erakundeak proiektuan engaiatu dira, Añanako Gatz Harana Fundazioaren bitartez; gatzaren merkaturatzea eta salmenta kalitatean ardaztu dira, ez kantitatean; gatz-egileen milurtekoetako teknikak eta “jakinduria praktikoa” berreskuratu dira, bai plataformen mantentze eta konponketan, bai gatzaren ekoizpenean; eta gatza egiteko jarduera herritar guztiei irekitako beste zerbitzu turistiko, kultural eta osasungintzakoekin osatzen ari da.
Horri guztiari esker, Añanako Gatz Haranak iraunkortasuna berreskuratu du, eta dagoeneko bermatzen ari da munduan parekorik ez duen paisaia kultural honen etorkizun sozial eta ekonomikoa. Gainera, tokiko ondare- eta ingurumen-balioak errespetatzen ari dira.