lupa
esp eus eng fr

Gesaltza-Añanaren jaiotza eta bilakaera

1114. urtean, Añanan prozesu konplexu bati ekin zitzaion, eta ondorio nagusia izan zen VIII eta X. mendeen artean sorturiko herrixka independenteen sarea bertan behera geratu zela, hala nola biztanleria gune bakar batean bildu zela, denborarekin, Gesaltza-Añana izena hartu zuena.

Añanako Gatz Haranean, luzaroan elkarren segidako konderri eta herri nagusi baten mendeko herrixka-multzoen baitan egonda, Terminoko Gotorlekuaren (Santa Gadea del Cid) barruan, kasu, erregeek beren boterea inposatu zuten XII. mendearen hasieran.

Konponbide gisa, Aragoiko Alfontso I.ak, 1114 inguruan herri forua eman zuenak, nahiz Gaztelako Alfontso VII.ak, 1140an berretsi zuenak, zuzeneko gatazka saihestu zuten Añanan ezarritako monasterio-erakunde nagusiekin. Erregeon taktika izan zen gune erlijioso boteretsuenetako -San Salvador, Santo Domingo de Silos eta Donemiliaga Kukula- agintaritzaren mendeko norbanakoen jurisdikzioa errespetatzea eta gainerako biztanleak (Añanako zein inguruneko herrixketakoak) erakartzen saiatzea; horretarako, pribilegioak ematen zizkieten “boluntarioki” erabakitzen zutenei erregeak Euskal Herriko aurreneko errege-hiribildua eraikitzeko hautaturiko gunean bizitzea.

Emakida horren ostean, sei herrixketako bizilagun gehienek beren etxeetatik alde egin zuten erregeak Gesaltza-Añana hiribildu harresitua eraikitzeko hautaturiko lekuan bizitzeko, eta gobernu-organo bakarrak eratu ziren udal-mailan zein gatzagetan, Gatz Harana zaintzeko. Horrela jaio zen Añanako Erret Zaldun Oinordekoen Komunitatea, aldizkakotasunez hautatzen ziren bi lagunek zuzentzen zutena: batak sektore erlijiosoko jabeen interesak babesten zituen, eta besteak, berriz, sektore laikokoenak.

Antza, estrategia politikoak fruituak eman zituen, ekoizpen-jarduera nahiz merkataritzakoa neurri handi batean areagotu baitziren. Halere, gora egite hori ez zen etengabea izan, hein handi batean tronuan esertzen zen erregearen boterearen irmotasunaren mende zegoelako. Agintaritza ahul zebilenean, aristokraziak abagunea baliatzen zuen bere nahia bete zedin, indarkeriaz ere, ahalik eta etekin ekonomiko handiena bereganatzeko.

Garai jakin batzuetan Gesaltza-Añana zuzenean kaltetu zuen errege-ahuleziaren adibide argi bat 1308an errege-izaera galdu izana da, Burgosko Las Huelgas monasterioko jaurgoaren mendeko izatera igaro zenean bezala. Egoera Enrike II.arekin aldatu zen berriz, behin betiko eman baitzion Gesaltza-Añanako Jaurgoa Sarmientotarren leinuari, harrezkero Añanako Kondeak tituluaren jabe bihurtuta.

Hiribilduak, lurraldearen gainerakoak lez, dezente jasan zituen Behe Erdi Aroan nagusi ziren jauntxoen arteko gatazkak. Garai hartako dokumentazioan, argi atzeman daitezke horren zantzuak XIII. mendetik. Gatazka horiek bultzatu zuten Gesaltza-Añanako kontzejua 1295ean eratutako Gaztelako Ermandadeko kide izatera, ondoren 1315ean sorturiko erresuma guztien Ermandade Orokorrera biltzera eta, azkenik, 1460an Arabako Ermandadean sartzera.

Merkataritzako jarduerari dagokionez, nabarmentzekoa da salmentarako baino ez ziren guneen kontrola eskuratzeko gatzaga gaztelarren arteko etengabeko gatazka. Interesen borroka horretan, Añanako gatzaga garaile atera zen askotan, Alfontso X.ak Partidetan esleituriko pribilegioek erakusten duten moduan, edo Santxo IV.ak 1315ean Burgosko Gorteetan emandakoak: Añanari gatz-salmentaren monopolioa eman zitzaion Euskal Herriko egungo lurraldean eta Gaztela Zaharreko zati handi batean.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN   ONARTZEN DITUT COOKIEAK    Más información