lupa
esp eus eng fr

Filosofia

XX. mendearen erdialdetik aurrera ekoizpenaren errentagarritasunak nabarmen egin zuenez behera, ekoizpen-egituren mantentze-lanak murriztu egin ziren. Gatz Haranaren alde oraindik borrokan zebiltzan gatz-egileek beren burua antolatu eta erakunde publikoetara jo zuten laguntza bila. Lehenengo, diru-laguntzak eskatu eta azterketak egiteko, iraunkortasunetik aldendutako bitartekoekin izan arren gatz-ekoizpena berriz errentagarri egiteko proposamenak jasotze aldera, eta, ondoren, administrazioak zuzenean inplika zitezen haien ondare material eta ez-materialaren kontserbazioan. 

 

Egoera horrek eragin zuen erakunde publikoak jabetzea Gatz Harana lurraldeko industria zaharrena ez ezik, ondarearen funtsezko atal ere bazela, eta babestu beharra zegoela. Hori dela-eta, hainbat dekretu eta lege sustatu zituzten gatzagak eta ingurunea babesteko, ondare zein ingurumen ikuspegitik. 

 

Gatz Haranaren mugarria 90eko hamarkadaren bukaeran gertatu zen, Arabako Foru Aldundiak zuzeneko hainbat jarduketa abiarazi zituenean galdutako iraunkortasuna leheneratzeko beharrezko baldintzak sortzeko. Horretarako, Plan Zuzentzaile bat (2000-2004) abiatu zen, Arabako monumentu garrantzitsuenetako baten, Gasteizko Santa Maria Katedralean (Europa Nostra saria 2002), hain zuzen, lortutako emaitza onetan oinarritua.

 

Egindako lanen filosofia hoberen islatzen duen esaldia ondokoa da: “Ezagutu leheneratzeko, leheneratu bizirauteko”. Kontuan hartu behar da Gatz Haranak egun eskaintzen duen irudia ikuspuntu ekonomiko, politiko eta sozialetik konplexua den prozesu ebolutibo baten emaitza dela. Prozesua hasi zen lehenbiziko gizakiak, Historiaurrean, iturburuetako gesala gatza egiteko baliatu zuenean, suarekin, eta egun oraindik oso bizirik jarraitzen du, gatza duela bi mila urte baino gehiago erromatarrek lortzen zuten modu berean ekoitzita.

 

Gatz Haranaren iraunkortasuna leheneratzeko, prozesu hori ulertu behar izan da. Iraganeko akatsetatik ikasiz baino ez da posible harana etorkizuneko belaunaldiei benetakotasun- eta osotasun-baldintza onetan transmititzea.

 

Ondorioz, Plan Zuzentzailearen prozedura metodologikoa elkarri loturiko oinarrizko hiru urratsetan oinarritzen da. Lehenengoa “dokumentatzea” da, bigarrena “aztertzea” eta hirugarrena “proposatzea”. 

 

 

1.- DOKUMENTATZEA

 

Sine qua non baldintza da gure esku-hartzea izango duen objektuaren gaineko ahalik eta ezagutza-mailarik handiena edukitzea, izan ere, lan egiten dugun esparruan egingo diren ikerketek dokumentazio xehatua behar baitute. Gainera, dokumentazioa bera balio handiko dokumentu historikoa bihurtzen da etorkizuneko belaunaldientzat. Horregatik, Gatz Haranean esku hartu aurretik, gatzagen gaineko dokumentazio sakona egin da, hainbat ikuspuntutatik: arkitektonikoa, historikoa, arkeologikoa, funtzionala, paisajistikoa, biologikoa, geologikoa eta antolaketari begirakoa. 

 

 

2.- AZTERTZEA

 

Gatz Haraneko errealitate fisikoa ulertzeko eta prozesuaren azken urratsari arrakasta-bermeekin aurre egiteko, ahalik eta ikuspuntu gehienetatik aztertu behar da. Diziplina anitzeko talde bat eratu zen; helburuak haranaren eboluzio konstruktibo, funtziona, paisajistiko, geologiko, sozial, turistiko eta ekonomikoaren gakoak ulertzera zeuden bideratuta.

 

Azterketa-prozesuaren baitan, hertsiki tokikoa baino testuinguru zabalagoa aztertu eta aipatu behar izan da, jarduketen sustatzaileak, balizko erabiltzaileak eta gatzagen leheneratzearen onuradunak bilatze aldera. 

 

 

3.- PROPOSATZEA

 

Lekua mantentzeko eta balioesteko proposamenen abiapuntua premisa erabakigarri bat da: Gatz Haranean, duela milaka urtetik, bere historia osoan zonaldearen eragile ekonomikoa izandako jarduera industrial bat egon da. Halere, behar-beharrezkoa da jarduera hori egun bideragarriak diren beste batzuekin osatzea. Erabakitako prozeduraren azken atalean, hainbat bide garatu dira, Plan Zuzentzailearen lanketan parte hartutako talde bakoitza zegokion jarduketa-esparruan egokien zeritzen proposamenak egiteaz arduratu baitzen.

 

Ondorioz, lehenik eta behin, argi eta garbi zehaztu dira elementuen osotasuna eratzen duten eremua eta osagaiak, irizpide historiko, tipologiko, paisajistiko, funtzional eta aukerei begirakoan oinarrituta, eta etorkizun-eszenatoki iraunkorra ezarrita. Ondoren, esku hartzeko proposamenak diseinatu dira, eta, azkenik, lanak gauzatzeko epeak eta kostu ekonomikoa.

 

Proiektuan interesaturiko eragileek zuzenean hartu dute parte proiektuaren baitako proposamenetan: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Añanako Kuadrilla, Añanako Udala, Gatzagak gatz-egileen elkartea, elkarteak, etab. Hala, irtenbide konplexu eta bideragarriak batera sustatu dira, eta, zalantza barik, funtsezkoak dira helburuak lortzeko eta ahalik eta gehien profitatzeko Gatz Haranaren etorkizuna bermatzen duten ahalmenak. 

 

Dudarik gabe, proposamenetan erabakigarriak izan dira jendarte zibila eta tokiko komunitatearen partaidetza, etorkizuneko giza garapena eurak proiektu barruan egoteak eta aktiboki parte hartzeak ziurtatuta.

 

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN   ONARTZEN DITUT COOKIEAK    Más información