lupa
esp eus eng fr

Nola ekoizten da

Gatza egiteko denboraldia urtero aldatzen da, baldintza meteorologikoen arabera. Oro har, maiatzean hasi eta irailean bukatu ohi da. Hil horretatik aurrera, gau luzeek lurrunketa-prozesua atzeratzen dute, eta etengabeko euriek eskuraturiko gatz urria hondatu.

Gainerako hileetan, gatz-egileek gatzagak leheneratzeko eta mantentzeko lanak egiten dituzte, ekoizpen-denboraldiari begira. Ontziratzeko moduluan, emakumeek urte osoa egiten dute lan gatza garbitu, ontziratu eta etiketatzeko. 

Gatza ekoizteko prozesuak hainbat urrats ditu:

1.- LARRAINEN BETETZEA
Larrain horizontaletan bi eta lau zentimetro gesal bitartean isurtzean datza, eguzkiak eta haizeak emateko. Larrainak betetzeko ekintza hori hainbat modutan egiten da, larrain-multzo bakoitzeko biltegiratze-putzuen ezaugarri berezien arabera. Horien artean, garabia antzeko tramankulua nabarmentzen da, Añanako gatzagetako argotean “trabukete” deritzona.

2.- KRISTALIZAZIOA
Hurrengo lau orduetan, gatza kristalizatu egiten da. Larrainetan jarritako gesalaren gainean azalera osoa estaltzen duen ehun fina sortzen denean hasten da. Denborarekin, ehuna zati txikiagoetan puskatzen da; puska horiei gatz-lorea esaten zaie. Gatz-egileak gatz-lorea bilatzen badabiltza, ezkatak apurtzea saihesten duten berariazko erreminta batzuk baliatuz jasotzen dute larrainaren gainaldetik. Gatz minerala eskuratu nahi badute, aldiz, gatz-lorea irabiatu egiten dute, larrainaren hondora bota eta gesala uniformeki gatzatzea lortzeko.

3.- UREZTATZEA
Kristalizazioa azkartzean datza, gesala berriz irabiatuz arrabolarekin. Gainazalean akatsak direla medio zonalde lehorrak geratzen diren larrainetan, aurretik beroturiko gesala eransten da, ureztatuz, lurrunketa-prozesua eten ez dadin. Horretarako, ureztagailua izeneko erreminta baliatzen da, zurezko kirten luzea duen kaikua, alegia, baita berogailuak ere, gesala azkarrago berotzen duten putzu txikiak.

4.- GATZAREN BILKETA
Uste daitekeenaren kontra, produktua ez da biltzen gesala zeharo lurrundutakoan, baizik eta larrainean ur apur bat geratzen denean. Hala, gatz-egileek azkeneko aldiz garbitzen dute gatza. Berau biltzen da larrainen erdigunean tontor bat edo hainbat eginez. Ondoren, gaztainondoaren zurarekin egindako otzaretan sartzen da, eta  denbora-tarte labur batez uzten da soberako likidoa erion arte.

5.- BILTEGIRATZEA
Gatza, behin otzaran erionda, larrain-multzoetako biltegietan sartzen da. Gune horiek, nagusiki, larrainen azpian egoten dira. Larrainek, gainaldean, zulo txiki batzuk dituzte, albate deiturikoak, bertatik isurtzeko gatza.

6.- ONTZIRATZEA
Urrian, Gatz Haraneko biltegietako gatza beste biltegi batzuetara eramaten da; “entroje” esaten diote bertan ekintza horri. Ontziratzeko moduluan, gatza ezpurutasun txikiez garbitu, ontziratu eta etiketatu egiten da.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK - Configurar