lupa
esp eus eng fr

Gatzaren arkitektura

Añanan eratutako gatzaren arkitektura bitxia zazpi milurtekotik gorako historian garatuz joan diren kultur eta giza balioen trukaketaren emaitza da.

Arkitektura herrikoi honek ez ditu jakintza erudituaren estilo arkitektoniko zurrunak. Bere izaera erabilgarria dela kausa, haranean inolako arazorik gabe bizi izan dira elkarren ondoan berrikuntza teknologikoak eta aro desberdinetako testigantza materialak. Horrenbestez, eskarmentuak eta tradizioak ezarritako ereduei jarraiki, gatz-egileek beren ingurugiroa eraldatu eta, ohartu barik, arkitektura bitxi, anonimo, herrikoi eta tradizionala sortu zuten.

Ezohiko salbuespenak alde batera utzita, gatzaren arkitekturan ez zen eskulan espezializaturik erabili, eta gatz-egileak eurak arduratzen ziren eraikuntzez, inguruko naturak ematen ziena baliatuta: harria, zura eta buztina.

Prozesuan, baliabide urri-urriak erabili dira, etekinik handienak lortuta, modu zeharo iraunkor eta ekologikoan, teknologia burutsua aplikatuta. 

Emaitza paisaia gizatiartua da, lau kilometrotik gorako zurezko kanalizazioek eratua, ur gazia iturburuetatik gatza jasotzen duten larrainei eusten dieten harri, zur eta buztinezko putzu eta terraza mailakatuetaraino eramaten dutenak.

Horrek oso ahulak bilakatu ditu egiturak, horrexegatik behar dituzte etengabeko zaintza eta mantentzea. Gatz-egileek jakin izan dute oinarrizko harrizko murru hauek zurezko egiturekin uztartzen, terraza oso garaiak eraiki ahal izateko, kasu batzuetan zortzi metrotik gorakoak ere badirenak.

ITURBURUAK

Iturburuek naturalki eta etengabe eramaten dute gesala gainazal-mailara, hortaz, zulo edo ponpaketak egiteko beharrik gabe balia daiteke. Gatz Haranean eta ingurunean ugariak izan arren, horietako lau baino ez dira baliagarriak (Santa Engracia, La Hontana, El Pico eta Fuentearriba), emari iraunkorra dutelako (2 litro inguru segundoko) eta gazitasun-maila saturaziotik gertukoa delako (250 gramo gatz litroko). 

GESALAREN GARRAIOA

Ur gazia etengabe eta grabitate bidez garraiatzen da “royo” izeneko ubideen sare baten bitartez. Jatorrian ubide horiek lurrean induskaturiko zanga soilak baziren ere, denborak aurrera egin ahala, zurezko enborrek ordezkatu zituzten, oro har pinuarenek.

Banaketa-sistema nagusiaren ibilbidea Santa Engracia iturburuan hasten da, Partidero deritzon kutxatila baten bitan zatitzen den ubide bakarrean, hain zuzen. Haraneko ekialdeko magaletik, Royo de Suso jaisten da, eta ekialdekotik, berriz, Royo de Quintana. Lehenbizikotik, hamabi zulok eramaten dute gesala, eta bigarrenetik, berriz, hamahiruk. Partiderotik gertu, Celemín deritzon tokian, berriz zatitzen da bitan. Ekialdea hornitzen duenak Quintana izenari eusten dio; erdialdea hornitzen duena, aldiz, Enmedio edo Meadero deitzen da.

GESAL-PUTZUAK

Biltegiak dira gatza egiteko larrain-multzoen bihotza, eta horien betetzeak eragiten ditu gatz-egileen arteko ika-mika gehienenak. Horren arrazoiak hainbat dira: iturburuetatik irteten den ur gazi kopuru mugatua, larrain ugariak eta ekoizpen-lanak hil zehatz batzuetan pilatzea.

Horrek guztiak azaltzen du gatzagetako putzuen kopuru handia (egun, 848), hala nola gesalaren ekoizpen-banaketari buruzko araudi konplexuaren beharra, “Liburu nagusia” deritzona.

Putzuen morfologia askotarikoa da, baina, oro har, lau motatan bana daiteke: kanpoaldekoak, ureztatzeko atekoak, berogarriak eta upeleratzekoak.

LURRUNKETARAKO LARRAIN EDO PLATAFORMAK

Añanan, gesalean bitarteko naturalez jasota geratzen den uraren lurrunketa bidez eskuratzen da Gatza. Horretarako, ur gazia larrain deituriko azalera horizontaletan isurtzen da, azalerok hamabi eta hogei metro karratu bitartekoak izanda.

Jabe berak lantzen dituen larrainei, larrain-multzo esaten zaie. Horiek lekuaren topografia konplexuari egokitzen zaizkio, formari nahiz garaierari dagokienez, eta, ondorioz, Gatz Harana ia osorik hartzen duten irudi konplexuak sortzen dira. Egun, 2.000 larrainetik gora daude ekoizpen-jardunean.

BILTEGIAK

Larrainen azpian sortzen diren espazioak gatz-biltegi moduan baliatzen dituzte gatz-egileek. Biltegi berezi horietan, langileek urrira arte ekoitzitako gatza gordetzen dute, orduan garraiatzen baita ustiategitik kanpoko biltegi handietaraino, gero ontziratu eta merkaturatzeko-

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK - Configurar