lupa
esp eus eng fr

Gatz-egilea

Gatz Harana leheneratzeko proiektuaren baitako aktibo nagusietako bat, zalantza barik, Añanako gatz-egileen komunitatea da.

Belaunaldiz belaunaldi, gatzagak eraiki eta zaindu dituzte, eta haiengatik eta haientzat bizi izan dira. Baina, batik bat, harrotasunez transmititu izan dute eta transmititzen dute beren arbasoen “jakinduria praktikoa”, munduko gatzaga bitxienetako bat mantentzeko eta kontserbatzeko eta merkatuetan topa daitekeen gatz onenetako bat ekoizteko.

XII. mendearen lehen erdialdean, Añanako Erret Zaldun Oinordekoen Komunitatea sortu zen Gatz Haranean. Gobernu-organo honen barruan jabe guztiak zeuden, laikoak zein erlijiosoak, Gatz Haranarekin lotutako kontu guztiak barne-mailan antolatzeko eta zaintzeko.

Gatz-egileen elkarte zahar hori usadioek eta ohiturek arautu zuten mendeetan, gesalaren banaketarekin gertatu bezala ordenantzak idatziz jasotzeko beharra sortu zen arte.

Erdi Aroan Gatz Haranean jabetzak zituzten berrogeita hamar erakunde erlijiosotik gora zeudenez, Komunitateak bi zuzendari izaten zituen, bata sekularra eta bestea eliztarra, urtero hautatzen zituztenak oinordekoek.

Agintaldiaren amaieran, diputatuak berriz hautatuak izan ezean,  bi “ikustaile” izendatzen ziren haien ondorengoak aukeratu aurretik kontuak ikuska zitzaten. 

Zaldun Oinordekoen Komunitatearen funtzioak elkartearen akta-liburuan geratu dira jasota. Nagusiak ziren jabetza komunaleko eremu eta azpiegitura guztiak -iturburuak, gesala banatzeko sarea, bidexkak eta bideak, etab.- zaintzea eta mantentzea eta ustiategiaren funtzionamendu bikainerako beharrezko lanak agintzea.

Arazo horren konponbidea 1998 eta 1999. urteen artean lortu zen, Zaldunen Komunitatea sozietate anonimo gisa eratuta, Gatzagak izenpean. Erakunde horri esker, berriz bildu ziren larrain-multzoen jabe guztiak. Hala, haien iritzi eta eskakizunak solaskide bakarrarengan batu ziren, ondarearekin lotutako erakunde publiko eskudunek esku hartu ahal izatea ahalbidetuta.

Gatzagaken sorkuntzak gatzagetan esku hartzeko prozesua erraztu du, baina, gainera, haren xede sozialari fidel, Gatz Haranaren leheneratzearen sustatzaile nagusietako bat bihurtu da.

Gatzagaken sorkuntzak ekarritako beste abantaila bat da, haren estatutuen bidez, barne-mailan arautzen direla gatza egiteko larrain-multzoen besterentzeak. Gatzagak aurretik zeuden  larrain beste izendun partaidetzatan zatituz lortu da hori, eta partaidetzon jabeak akziodun bilakatuz; jabeok behartuta daude  jabetzen salmenta edo besterentzea elkarteari jakinaraztera, elkarteak beretzat gordeta tanteo eta atzera eskuratzeko eskubidea.

Antzinako Oinordekoen Komunitateak Gatz Haraneko Paisaia Kulturalarekin duen konpromisoa etengabea da. 2009an Añanako Gatz Harana Fundazioa sortuta, aldaketa handia gertatu zen gatzagen jabetzan. Gatzagakek, ehun bazkidek baino gehiagok osatuta zegoenak, herritarrek ondareari begira egin dezaketen eskuzabaltasun eta errespetuzko ekintzarik handiena burutu zuen: larrainen jabetza osoa Gatz Harana Fundazioari eman, berau arduratzeko eremuaren iraunkortasuna berreskuratzeaz.

Halere, gatz-egileek, egun Fundazioaren patronatuaren baitan, oraindik mantentzen dituzte iturburuetatik irteten den ur gaziaren gaineko eskubideak. Gesalaren erabileragatik 70.000 euroko kanona ordaintzen die Fundazioak. Proiektuarekin duten konpromisoaren beste erakusgarri bat da diru horren erdia inguruneko kultur- eta dinamizazio- jardueretan berrinbertitzen dutela.

Bistan denez, Gatzagak elkarteak berebiziko garrantzia dauka gatzagen etorkizunean, Añanako Gatz Harana Fundazioak hartzen dituen erabakietan eta burutzen dituen jarduketa guztietan parte hartzen duen heinean.

Antzinako Zaldun Oinordekoen Komunitateak bere artxibategia, milaka agirik osatua, Arabako Foru Aldundiaren Lurralde Historikoaren Artxibategian (ALHA) dauka gordeta. Erakunde horrek gatz-egileen laguntzarekin sustaturiko proiektu bati esker, agiri horiek guztiak digitalizatu eta aztertu dira, argitaratzeko eta Internet bidez kontsultatu ahal izateko. Horretarako, sakatu ondoko estekan: www.alava.eus/arabadok.

Gatzagak elkartearen webgunea:www.gatzagak.com.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK - Configurar