lupa
esp eus eng fr

Azterketak

Ezarritako helburuak lortzeko funtsezko aspektuetako bat lanak garatu dituen taldearen diziplina anitzeko izaera izan da, eta, garrantzitsuena, kideen arteko lankidetza. Finean, xedea diziplina aniztasunean oinarrituriko Plan Zuzentzailea egitea zen.

Lan-organigrama lehen aipatu zuzentarauei jarraiki diseinatu zen, ahalegina eginda haranaren eta ingurunearen diagnostiko sakon eta zehatza egin ahal izateko beharrezko oinarrizko ezagutzaren adarrak bateratzeko, hala nola prozesuan jarraitu beharreko bidea adieraziko zuten hainbat proposamen egiteko.

Kudeaketa Plana diziplina anitzeko lantalde batek egin du. Oinarri sendoak eman zizkion funtsezko atala 2000 eta 2004. urteen artean burutu zen (Plan Zuzentzailea). 2009an Añanako Gatz Harana Fundazioa sortu arte, haren hasierako aginduak Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzuaren ardurapean egon ziren.

Denbora honetan guztian egindako azterketetan, espezializazio-maila eta itzal handiko oso talde desberdinek hartu dute parte, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia Taldea. Antzinate Berantiarra eta Erdi Aroa. Arkitekturaren Arkeologia Taldea eta Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailak; zenbait enpresak: I.K.T., Geograma edo Noskik, kasu; Euskal Unibertsitate Publikoko zenbait sailek ere, Geodinamika, Mineralogia eta Petrologia, Geografia Sailek eta Bilboko Goi-Eskola Teknikoko Ingeniaritza, Kimika eta Ingurumen Sailak edo Bilboko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailak. Kudeaketa Planeko arkitektura-ataleko eguneraketez Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzua arduratzen da.

 

1.- AZTERKETA ARKITEKTONIKOEN MULTZOAMaterialen (xilofagoen ekintza egurrean, gatzak eragindako babes-eraso maila), eraikuntza-sistemen eta asentu-zoruen, deformazio, karga eta tentsioen egoeran eginiko saiakeren emaitzak dira.

Gatz Haranaren deskribapena Informazio Geografikoko Sisteman (GIS) txertatuta egin da. Horretarako, marrazki bana sortu da elementuentzat. Baina horrenbesteko informazio-kopurua egituratu eta ordenatu egin behar da, beraz, 383 Produkzio Unitatetan (PU) zatitu da. Unitate horietako bakoitzaren muga ez dator bat irizpide historikoekin, eta unitate logiko bat eratzen duten larrain, putzu, plataforma eta egituren multzoa da, edo bestela esanda, gatza modu autonomoan ekoizteko gaitasuna duena.

Gatz Harana ez da bertako elementuen deskribapen grafiko soiltzat jotzen. Deskribapena gatz-jardueraren azterketa funtzionalarekin osatzen da,  izan ere, horixe baita, finean, haranaren sostengua. Haraneko gatz-ekoizpenaren azterketa burutu da, beraz, teknika tradizionalen ezagutzak eta horiek etorkizunari begira jartzeak aurrera begirako jarduera ekonomikoki sostengatuko duen ekoizpen-plana diseinatzea ahalbidetu dute. Era berean, larrainen jabetzari, larrain-multzo bidezko banaketari eta gatz-egileen Gatzagak elkartearen inguruko egungo antolaketari ere heldu zaie.

Eraikuntza-azterketak bi norabidetan egin dira: batetik, eratzen duten elementu bakoitzaren katalogatze eta sailkatze sakona egin da; bestetik, tipologien eta horietako bakoitzaren funtzionamenduaren eraikuntza-azterketa. Aurrenekoa, GIS datu-basean txertatu da, gaikako mapa errazak edo gainerako diziplinen gainontzeko informazioarekin gurutzaturikoak sortzea ahalbidetu duena. Bigarrena baliatu da etorkizuneko jardueretan baimenduta egongo diren eta ez diren irizpideak ezartzeko orduan.

Datu-base orokorrarekin loturiko informazioa txertatu zaien talde handiak ondokoak dira: iturburuak, banaketa-sarea, biltegiratze-putzuak, gatza egiteko larrainak era komunikazio-elementuak.

Azkenik, eraikuntza-mota desberdinen jokabidea aztertu da, berauen mantentzeko iraunkortasunari eta erraztasunari buruzko informazioa eraginda; aldi berean, eraikuntza-motek denboran izandako garapena aztertu da, bereziki kontuan hartuta Gatz Haraneko historia osoan txertaturiko tipologia- edo material-aldaketa bakoitzaren arrazoiak eta aldaketon ondoriozko eragin onuragarria edo kaltegarria.

Egitura-azterketak eraikuntzakoen garapen zehatz gisa bideratu dira. Zenbait elementu konkretu aztertu dira -zimenduak, armazoiak, fabrikak, plataformak eta gainazaleko akaberak- beraien egungo jokabidea ezagutzen eta hurrengo esku-hartzeak planteatzen laguntzen duten ereduak sortzeko. Azkenik, mantentze arkitektonikorako eskuliburu bat sortu da. Bertan, Paisaia Kulturalean garatzen diren jarduerek tokiaren ezohiko balio unibertsala zeharo errespetatzeko gakoak jasotzen dira. 

 

2.- AZTERKETA HISTORIKO-ARKEOLOGIKOEN MULTZOA

Gatzaga-multzoaren denbora-aldagaia ezartzea dute helburu, eta irizpide historiko eta arkeologikoak txertatzea gatzagak mantentzeko estrategia finkatzeko funtsezko faktoreetako bat gisa. Talde honek “Arkitekturaren Arkeologia” deritzon metodologia aplikatu du, bere baitan azterketa bibliografiko, dokumental eta antzinako gatz-egileen ahozko iturrietakoak zein artxibo historikoak hartzen dituena, esaterako, zorupearen azterketa estratigrafiko ohikoak eta, funtsean, gatzagetako eraikuntza-sistemaren azterketa estratigrafikoa.

Azterketa historikoak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldeari eskatu zitzaion. Taldeak haranaren bilakaera historiko eta eraikuntzazkoa ezagutzeko xedera lehenetsi zuen. Hala, haranak denboran izandako bilakaerak ulertu nahi ziren, haren diakronia eta faseak; finean, gatzagek 6.500 urtetik gorako historian jasandako gorabehera guztiak.

Ikerketa Arkitekturaren Arkeologia izeneko diziplinako zuzentarauei jarraiki burutu zen. Halere, haranaren berezitasun morfologikoek izaera berezia ematen diotenez, ohiko lanabesak aldatu egin ziren. Birplanteamendu hori, neurri handi batean, azterketan aurrera egin ahala gertatu zen, ohiko lan-sistemek aurreikusi gabeko egoerak agertzen ziren heinean. Horregatik guztiagatik, Gatz Harana, zentzu horretan, Arkeologiak ikertu beharreko objektura gerturatzeko forma berriak probatzeko etengabeko laborategi bilakatu da.

Azterketa bost fasetan banatu da:

- Lehenbizikoa, haranaren ebaluazio arkeologikoa egitea izan zen, oso muga zehatzeko gune baten azterketa integralaren bidez. Aukeraturiko eremuaren kontserbazio-egoerak bide ematen zigun arriskurik gabe lan egiteko; bertako egiturak oso ondo ikusten ziren eta, begi-kolpe batean, eraikuntzazko aldeak nabariak ziren, sekuentzia estratigrafikoan nolabaiteko diakronia egon zitekeen seinale. Egiaztaturiko zailtasunei eta eskuraturiko emaitzei esker, kritikoki baloratu ahal izan genuen zeri ari ginen aurre egiten, hala nola laneko ohiko lanabesetan nahitaez egin beharreko aldaketak eta ikerketaren gainerakoan jarraitu beharreko prozesua.


- Bigarren faseak lanabesak garatzeko balio izan zuen, hala nola gatzaga-egitura guztiak identifikatu eta deskribatzeko eta datuak, geografikoak zein alfanumerikoak, Informazio Geografikoko Sisteman sartzen hasteko.


- Hirugarren fasea 2002. urtearen erdialdean hasi zen. Iraun bitartean, azterketa estratigrafikoa bera burutu zen, Gasteizko Santa Maria Katedralean (Araba) garaturiko eraikin konplexuen azterketarako zuzentarau metodologikoei jarraiki.


- Laugarrenean, aurreko fasean lorturiko emaitzen azterketa integrala egin zen, eta Gatz Haranaren eraikuntzazko bilakaera ezarri; emaitzak testuinguru historikoan ezarri eta etorkizuneko lanerako protokoloak finkatu ziren.


- Bosgarren eta azken fasea, Añanako Gatz Haranean garatzen diren jarduera guztien kontrol arkeologikoari eskaini zitzaion. Hortaz, hondeaketak egin ziren gatzagetako leku estrategikoetan, oro har, mantentze-lanak egin bitartean aurkitzen direnak eta informazio baliotsuak ematen ari direnak gatz-ekoizpenaren jatorri urrutikoenen gainean.

 

Lanaren hastapenetatik argi geratu zen gatzagen azterketa historiko-arkeologiko integralak ezin zuela soilik berauek eratzen dituzten eraikuntza-elementuen analitika estratigrafikora mugatu. Azterketa estratigrafikoa zeharo lotuta dago beste hainbat azterketarekin, informazioa eman dutenak ez bakarrik eraikuntza-bilakaerari dagozkion datuei buruz, baizik eta baita haranaren historiari, beraren jabeei, gatza ekoizteko moduei, gatz-egileei eta abarri buruz ere.

Horregatik guztiagatik, aipatu faseetan eginiko lanekin batera, beste azterketa batzuk gauzatu dira, esaterako: haranaren eta ingurunearen azterketa toponimikoa, eskura dagoen material grafikoaren azterketa (antzinako argazkiak, lurrazalaren argazkiak, garai desberdinetako kartografiak, etab.) eta Añanako Gatz Haraneko Paisaia Kulturalarekin loturiko argitalpen eta artxibategi guztien hustuketa bibliografiko eta dokumentala.

Lan eskerga horrek emaitza zientifiko garrantzitsuak eman ditu. Berariazko doktoretza-tesia garatu da gaiaren gainean, jada argitaratuta dagoena, hala nola hitzaldi eta argitalpen zientifiko eta dibulgatzaile ugari, jendarteari sortzen ari diren aurrerapen zientifikoen berri ematea ahalbidetu dutenak. 

 

3.- AZTERKETA SOZIOEKONOMIKOEN MULTZOA

Egindako lanen xedea izan da zehaztea eta planteatzea -hainbat mailatan- zein eragin sozioekonomiko izan zezakeen Paisaia Kulturaleko ondare historiko, arkitektoniko zein naturalaren balioespenak. Era berean, kudeaketa-aukera desberdinak zehaztu eta ebaluatu dira -hainbat arlotan, halaber-, eragin zezaketenak sustaturiko suspertze sozioekonomikoak ondareari eustea bermatzea eta  ekimen publiko eta pribatuaren baterako ekintzari esker partzialki autofinantzatzea. 

Helburu horiek betetzeko, azterketa osoan kontuan hartu da balizko jardueren garapenean nahiz kudeaketa-aukeren proposamenean aintzat hartu beharra daudela gatzagen ingurunea eta eskualdea osatzen duten eragile sozioekonomikoen interesak. Horren arrazoia da eragile horiek direla, hain zuzen ere, leheneratze-estrategia osoa finka dezaketen proiektuen -egungo agertokiarekin bat egindakoen- balizko sustatzaileak.

Plana gauzatu bitartean, ondoko azterketak egin ziren: 

- Gatz Haranaren antolaketa- eta finantza-kudeaketaren azterketa, egungo Gatzagak S.A. jabe-erkidegotik abiatuta.
- Planak proposaturiko neurriak sustatu eta antolatu behar zituen erakundearen antolaketa-egituraren diseinua.

- Kudeaketa ekonomikoaren eta finantzaketa publiko eta pribaturako egon litezkeen aukeren azterketa.

- Araudizko baldintzatzaileen eta lurralde-plangintzaren erregistroa: udal Arau Subsidiarioak, Arabako Erdialdeko Lurralde Plan Partziala, Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurralde Plan Sektoriala eta Landa-eremuarena...

- Gesaltza-Añanaren eta eskualdearen inguruan garapen sozioekonomikorako egitura bat sortzeari begirako balizko ahalmenen azterketa.

- Sustatzaileen inbentarioa (publikoak eta pribatuak).

- Erabilera turistiko-kulturala izan dezaketen eskualde-mailako baliabideen zerrenda, ekipamenduak, sarbideak, bideak...

- Produktu turistiko-kultural gisa, zerbitzuak, jarduerak eta behar zehatzak gauzatzeko gatzaga-gunearen eta ingurunearen aukerei buruzko azterketa.

- Zerbitzu eta instalazioen balizko erabiltzaileenkatalogoa.

- Ekimenak proiektuaren osotasunean txertatzeko metodologiaren garapena eta horren bideragarritasunaren azterketa.

 

4.- INGURUMEN-AZTERKETEN MULTZOA

Añanako Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren nortasuna elkarren artean hertsiki loturiko hainbat alderditan datza. Horien artean, meatzaritza-osagaia eta industriala nabarmen daitezke, biak ala biak baitira gatzagen iturri, paisaia arkitektoniko bat eratuz eta, horren ondorioz, Paisaia Kultural bat.

Gatz Harana naturan txertaturiko egitura arkitektoniko bat da, tipologia eta forma aldetik askotariko ekoizpen-elementuek osatua, non denborak eta tokiaren beraren garapenak loturak sortuz joan diren ekoizpen-eremuaren, Añanako hirigunearen eta paisaia- eta ingurumen-ingurunearen artean.

Horregatik guztiagatik, azterketa-multzo honen helburua izan da haraneko, gatzagetako nahiz gertuko inguruneko, baliabide naturalen egoeraren inbentarioa egitea eta berau diagnostikatzea, kontserbazio-lehentasunen ezarpenari begira kontuan hartu beharreko beharrezko irizpideak finkatuta.

 

5.- PAISAIAREN AZTERKETEN MULTZOA

Añanako Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren azterketan, paisaiaren ezaugarritzea egin da, eskualde- eta lurralde-eskalan, kasu bietan faktore genetikoei erreparatuta. Lurralde-eskalaren zoomean, ikuspegi sistemikotik berezko osagaiak antzeman dira, eta horien dinamika eta eboluzioa lurraldea eratzen duten teselak edo paisaia-unitateak ezarriz eta ezaugarrituz aztertu dira.

Ikuspegi bisualetik, eremua konpartimentuetan banatzen duten eta antzeman diren harro bisualak mugatu eta ezaugarritu dira, eta horien ikusgaitasuna kuantifikatu eta balioetsi, lurraldean Behaketa Gune edo Mugarri Paisajistikotzat jo direnak.

Hirugarren azterketa-eskala Añanako edo Gatz Haraneko harro bisuala izan da. Bertan, antzeko eskema batekin, baina beharrezko xehetasun-mailarekin, haranaren engranajea osatzen eta azaltzen duten paisaiako elementu eta unitateei erreparatu zaie; ezaugarri bisualak gaitasunari eta baliabideei dagokienez aztertu dira; leku honen historia hurbileneko erabilerak antzeman dira, oraindik ere arrastoa dutenak; eta, azkenik, haranaren eta berau dagoen lurraldearen irisgarritasuna eta aitorpena hartu dira kontuan berauek ere baliotzat jotzeko. 

 

6.- AZTERKETA GEOLOGIKOEN MULTZOA

Ikuspegi geologikotik, Gatz Haraneko Paisaia Kulturala jarduketa mineralotekniko multzo baten emaitza da, jariatze hipergazien lurrunketa bidezko ustiapena xede. Ondoriozko instalazio industriala substratu ebaporitikoaren ezaugarri bereziek baldintzatzen dute; izan ere; substratu horrek, hidrogeologia bitxia eragiteaz gain, lurraldearen erabilerak gauzatzeko ahalmena mugatzen du, bere ezaugarri geokimiko eta geotekniko bitxiak direla medio.

Alderdi geotikoen azterketa hiru ikuspuntutik eginda:

1- Oinarrizko ikuspegi deskriptibotik: estratigrafia, tektonikoa, geomorfologia, hidrologia, litologia, etab.

2- Geologia ekonomiko gisa: meatzaritzako baliabideak, harkaitz industrialak, baliabide didaktiko-kulturalak gatzagetan bertan, diapiroaren eraketa, etab.

3- Arrisku geologiko gisa: uholdeak jasateko arriskua, labainketak, higadura, etab.

Horiek aztertu ondoren, azterketaren beste etapa batzuk burutu ziren, ondoko jarduerak garatuta:

Lehenik eta behin, ustiapen-sistemaren fluxu-diagrama edo flowsheet diseinatu eta interpretatu da, gatz-iturburuetatik gesala bana dadin ateratzen den arte. Eskema mineralotekniko hori oinarri, ustiapenean erabilitako harrizko materialak eta beraien litologia, bolumetria, jatorria, banaketa eta abar komentatu dira.

Balizko kanpo- eta barne- arriskuak ere aztertu dira. Lehenbizikoen baitan, arrotzak diren baina ustiategiaren mantentzean eragin dezaketen prozesu geologikoak daude, eta bigarrenen baitan, aldiz, ustiategi barruan sor daitezkeenak. 

Aztertu dira ingurugiro geotikoa alda zezaketen eta, ondorioz, gatzagei eragin ziezaieketen jarduerak eta erabilerak. Besteak beste, arreta berezia jarri zaio ekoizpen-azpiegiturak gesalez hornitzen dituzten jariatzeak babesteko perimetroari. Eta Gatz Haraneko Interes Geologikoko Guneak eta horien ingurune gertuena deskribatu dira balizko baliabide didaktiko-kultural gisa, lanaren ondorioak laburbildu eta proposamenak egin dira ingurugiro geologikoaren mantentzerako eta berau jendaurrean jartzeko. 

Bestetik, azterketa geologikoaren baitan, gatzagetan dauden buztinen azterketa mineralogikoa egin da, eta, era berean, gatz-ekoizpena ebaluatzeko xedez, haraneko iturburuetako gesalaren ezaugarritze fisiko-kimikoa ere burutu da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin sinaturiko azterketen multzoari dagokionez, Paisaia Kulturaleko alderdi geologikoak aztertzeko eta horien berri emateko, ondoko helburuak ezarri dira:

a) Zehatz-mehatz antzeman, ebaluatu eta katalogatu eremuko ondare geologikoa osatzen duten elementuak. Ondare geologikoaren elementutzat jotzen dira harkaitz, egitura tektoniko, hondar eta fosilen edo erliebe-forma bitxien maila guztiak, eragile geologikoen ekintzaren ondorio.

b) Ezagutza zientifikoaren dibulgaziorako eta etekin sozialerako materiala sortu. Eraketa berriko material-multzoaren baitan, gida geologikoen diseinua dago, eremuko ondarearen elementu nagusien ezaugarri nabarmen eta deigarrienak erakutsita.

c) Eremuak eskaintzen dituen baliabide geologikoekin loturiko bloke didaktikoak sortu. Blokeok ondare geologikoarekin erlazionaturiko ezagutzazko hainbat gai edo blokeren hausnarketa eta ikasketari eskainiko zaizkio. Horretarako, azalpenezko liburuxkak sortuko dira, xehatuak eta zientifikoki zorrotzak.

d)Jarduera didaktikoak sortu, tailer-erakoak, eremuko baliabide geologikoekin lotuak. Hainbat tailer dibulgatzaile proposatuko dira inguruneko ondare geologikoa diziplina zientifiko desberdinetan erakusteko, jolas- eta hezkuntza-ikuspuntutik.

 

7.- INFORMAZIOA KUDEATZEKO SISTEMA

Añanako Gatz Haraneko Paisaia Kulturala hain da egiturazko elementu zabala, konplikatua eta denboran ebolutiboa, ezen beharrezkoa izan den Plana eratzen duten taldeek sorturiko informazio deskriptibo guztia Informazio Geografikoko Sistema (GIS) baten biltzea eta egituratzea.

Diseinaturiko GISek oinarrizko lau helburu betetzen ditu. Lehenik eta behin, ahalbidetu egiten du Kudeaketa Planaren garapenean modu koordinatuan lan egin duen talde bakoitzak eragindako informazio-kopuru handia biltzea eta ordenatzea. Bigarrenik, informazio geografikoa kontsulten bidez sorturiko datu alfanumerikoekin lotzeko balio du, ahalmen handiko azterketa-erreminta bihurtuta. Hirugarrenik, simulazio-tresna gisa ere erabili da, aurrekoarekin lotuta ekarpen garrantzitsua eginda  Gatz Haraneko arazoen jatorria eta horien balizko konponbideak bilatzeko orduan.

Azkenik, laugarrenik, informazio guztia GISen txertatzeak, Gatz Haraneko egitura guztiak Auto Cad fitxategi baten hiru dimentsiotan zehatz-mehatz marraztu izanarekin batera, bide eman digu Paisaia Kulturala ezin hobeto dokumentatuta izateko, nabarmen lagunduta gatzagen osotasunari eta benetakotasunari eusten.  Gainera, sistema horretan, Gatz Haraneko elementu bakoitza identifikatuta eta monitorizatuta dago, eta dagozkien fitxetan beraien bilakaerarekin loturiko informazio guztia jasotzen da.

GISi esker, gaikako irudikapen kartografikoak gara daitezke, datu-basean jasotako informazioari begirako kontsultak oinarri. Kontsultok bide ematen dute Kudeaketa Planeko jarduketa, esku-hartze eta ebaluaziorako hainbat aukera eredu bihurtzeko.

 

8.- GATZ HARANARI BURUZKO DOKUMENTAZIOA ETA EREDU-BIHURKETA TRIDIMENTSIONALA

Egituraketa topologikoa egin da, 1:500 kartografia oinarri, gatzaga-egiturako elementu definitzaileak (larrainak, putzuak, biltegiak, goialdeko egiturak, behealdekoak...) gaikako geruza bereizietan kokatuta. Informazio egituratu horretatik abiatuta, elementu guztiak kode bakarrekin identifikatu eta zenbakitu dira; hala, azterketa-sistema osoak modu uniboko eta homogeneoan aipatzen du elementu bakoitza. Osagai grafikoen kodeak hainbat ataletan antolaturiko datu-base baten erregistro batekin lotzen dira, talde bakoitzak bere azterketak egitura zehatzekin lot ditzan.

Aldez aurretik, eraikuntza-elementuen eta horietako bakoitzaren tipologien katalogo zehatza egin zen, datu-baseetako eremuak kodifikatzea ahalbidetu duena. Era berean, elementu bakoitzaren argazkizko dokumentazioa jasotzen dute. Base horri esker, Gatz Haranaren historiako oso une zehatz batean multzoaren berreraikuntza grafiko osoa egin daiteke.

 

9.- DINAMIZAZIO KULTURAL ETA TURISTIKORAKO AZTERKETAK

Kudeaketa Planaren baitan, Dinamizazio Turistikorako Plan bat dago, Añanako Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren zein inguruko lurraldearen garapena bultzatzeko garatua. Produktu turistiko iraunkor eta kalitatezkoa sortzea du helburu.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK - Configurar