Gatz Haraneko historian bertan ekoizturiko gatzaren arkitektura bakarra da munduan, ez soilik gatz-ustiategi tradizionala orografia bereziko paisaiari egokitzeko gatz-egileek garatu behar izan dituzten konponbide arkitektonikoengatik, baizik eta, era berean, gune iraunkorra lortu dutelako, ingurumen-oreka eta ekologiko ezin hobean.
XIX. mendearen bukaeratik Añanan jasandako gatz-ekoizpenaren errentagarritasun ezaren ondorioz, gatz-egileak eskura zituzten bitarteko guztiekin borrokatu ziren beren produktua lehiakorragoa izan zedin, kalitatea barik kantitatea besterik baloratzen ez zuen merkatuan. 1885 eta 1960 artean, 1.085 ekoizpen-larrain egin ziren, eta, horretarako, gatza kristalizatzeko prozesuari eskainitako eremua 89.434 metro koadrotik 110.700 metro koadrora zabaldu zen.
Halere, mugak ez ziren areagotu, eta aurretik zegoen eremua gatz-egileen “jakinduria praktikoak” mendeetan eraikuntzarako ezgaitzat jotako guneetan masifikatu zen. Larrainak putzuen gainean eraiki ziren, haraneko barne-komunikabideen gainean, eta ibaiaren ibilgua bera ere hartu zen, uholdeak pairatzeko arriskuari muzin eginda.
Aurrenekoz, eta kostuak murrizten saiatzeko, material berriak erabiltzen hasi ziren, zementua, kasu, XX. mendeko 30eko hamarkadan, tradizionalki buruturiko mantentze-prozesu etengabea minimizatze aldera. Hala, prozesuaren oinarrizko printzipioetako bat urratu zen: berriz baliatzeko materialen erabilera, funtsezkoa milaka eta milaka urtetan Gatz Haranaren biziraupenean.
Espero zitekeen bezala, gatz-egileen “jakinduria praktikoaren” baitako zenbait arauren aldaketaren ondorioz, haranaren egoerak okerrera jo zuen. 1960 eta 2000 artean, Herri Administrazioak Gatz Haranean esku hartzen hasi ziren urtera arte, hain zuzen, egoera batez ere bi arrazoigatik okerragotu zen:
Lehenik eta behin, haranaren arkitektura gero eta gehiago narriatu zen, gatzaren ekoizpenaren murrizketa eta ondoriozko mantentze-eza tarteko. Kontuan izan behar da, batetik, lekua zementuzko larrain-hondakinez betetzen hasi zela, gatzagetatik ateratzea oso garestia zelako. Bestetik, ekoizpen-lanak murriztutakoan, ur gaziak, zurezko egituraren kontserbagarri naturalak, eragina izateari utzi zion.
Gatz-ekoizpenari etenik gabe eutsi zaio Gatz Haraneko historia osoan, baina merkatuen premietara egokituz, izan ere, XX. mendearen azken aldian, gatz gutxiago eskatzen baitzioten Añanari, oso garestia zelako. Hala, 1960 eta 1977 artean, haran osoak 4.000 tona gatz inguru ekoizten zituen. 1979an, 2.800 bat. 1984an, 1.338 tonara murriztu zen, eta 1983 eta 2000. urteen artean,”Leheneratze Integralerako Plan Zuzentzailea” abiarazi zenean, batez besteko ekoizpena 600 tona ingurukoa zen. Urte batzuetan, gatz-egileek hainbeste gatz-soberakin eduki zuten biltegietan, ezen ekoizpen-eginbeharrak gutxienekora murriztu ziren, eta lanok batik bat elementu produktiboen kontserbazio eta mantentzera mugatu ziren, egituretako askoren hondamendia geldiaraztea helburu.
Ikusiko dugun bezala, Plan Zuzentzailea eta bertan jasotako aginduak abiaraztea, batez ere Añanako Gatz Harana Fundazioa sortuta, benetako mugarria izan dira Añanako gatzagetan, berauen osotasuna, etengabeko mantentzea eta ekoizpen-jarduera leheneratu diren heinean, antzinako iraunkortasun- eta egokitzapen-irizpideen arabera, hau da, gatz-egileek mendeetan erabilitako jakinduria erabiliz.
Lan horiek gauzatzeko, Gatz Harana Fundazioak gatz-egileak hartzen ditu kontuan, tradizionalki gatzagak landu dituztenak, baita haien “jakinduria praktikoa” ere; prestakuntza-maila handiko arkitekto, topografo eta arkeologoen talde teknikoa; eta Kudeaketa Planean bildutako dokumentazio historiko eta planimetriko zehatza, gatzagetako eraikuntzako elementu guztiak hiru dimentsiotan bistaratu eta Informazio Geografikoko Sistema batekin lotuta haiei buruzko informazioa eskuratzea ahalbidetzen duena.
HARANAREN ERDIA LEHENERATUTA ETA ABIAN DAGO
Eskarmentuak erakutsi du Gatz Harana egoera onean mantentzeko gatza ekoitzi beharra dagoela, zura mendeetan kontserbatzen baita ur gaziarekin kontaktuan. Dena den, aldizka-aldizka ordeztu edo konpondu behar dira, mendeetan egin bezala. Gatz-egileek gatza eskuratzeko prozesua kontrolatu ez ezik, harri eta zurezko egiturak ikuskatu eta eraiki ere egiten dituzte.
Leheneratze-lanak 2000. urtean hasi baziren ere, 2009 eta gaur artekoa garatu da lekuaren iraunkortasuna bermatzeko jarduketak biltzen dituen proiektua, ekoizpen-eremuaren funtsezko zatian esku hartuta.
Gatz Haranean buruturiko leheneratze- eta mantentze-lanak, era berean, jardunbide egokien adierazgarri dira ondare-arloan. Harmoniatsu uztartzen dituzte haraneko elementu guztien kudeaketa eta balioespena. Baina, horrez gain, eredu aitzindaria dira arlo honetan, gatz-egileen “jakinduria praktikoaren” baitako teknika tradizionalak, saiakera eta akats ugariko urteen ostean eskuratuak, batera daudelako garai modernoetako teknika eta material iraunkorrekin, proiektuan ikerketa zientifiko prozesu luzearen ondoren txertatuak.
Gatz Haranak ogibide eta teknika tradizionalen begirune zorrotza du bereizgarri, gatz-egileek mendeetan aplikaturiko berberak baliatzen diren neurrian. Artisauek eurek garaturiko herri-jakintza konplikatuan daude oinarrituta, eta frogaturiko eraginkortasunagatik belaunaldiz belaunaldi oinordetzan harturiko jarraibideak betetzen dituzte.
Teknika horien benetakotasuna eginiko ikerketa historikoek nahiz mantentze-lanak egiten ari direnak gatz-egileak eurak izateak ziurtatzen dute. Horrela, bermatuta daude milaka urte dituzten ezagutzen jarraitutasuna eta transmisioa eta, modu iraunkorrean Gatz Haraneko ingurune naturalarekin bat egitera bideratuta, gatzagetako eta inguruneko bizilagunentzako etorkizun-aukera bihurtzen ari den lanbidea.
Leheneratzean, bi lan-mota bereiz daitezke. Gatz-ekoizpenarekin lotutakoak eta erabilera kultural eta turistikoak dituztenak, aisialdi, gastronomia eta osasunarekin erlazionatuak. Lehenbiziko kasuan, proiektuak zorrozki lotzen zaizkio gatz-arkitekturari, gatz-egileek mendeetan garaturiko eraikuntzako teknika eta materialei eutsiz, baina, beharrezkoa denean, tresneria modernoa baliatuz.
Antzinako gatzagako ekoizpen-eremuak modu desberdinetan tratatzen ari dira. Beren arteko alde nagusia lurrunketa-plataformen azaleraren akaberan datza. Honela bana daitezke:
- buztinezko larrainak, erromatarren garaiko eta Erdi Aroko irizpideekin
- errekarrizko larrainak, XIX. mendeko irizpideekin
- zementuzko larrainak, XX. mendeko irizpideekin
- kareharrizko larrainak, XXI. mendeko irizpideekin
Baina Gatz Harana gatz-fabrika baino gehiago da. Jendarteari eta ingurune naturalari irekitako eta lotutako paisaia da, gune kulturalak dituena, hala nola ingurumenezkoak eta turistikoak, inolako mehatxurik ez dakarkietenak haranen osotasun eta benetakotasunari. Horren adibide dira jarduera kulturaletarako zurezko egitura edo oinetarako bainua, ur gaziaren onura terapeutikoak jasotzeko. Gune hori tokiko komunitatearen eskaera da, eta gatz-egileek eta Añanako bizilagunek antzina bainua hartzeko erabiltzen zituzten larrain eta putzuen garai modernoetarako eguneraketa.
Halaber, zur-biltegi berriak eraiki dira Añanako gatza gorde, ontziratu eta merkaturatzeko, eta ustiategiaren erabilera berrietan funtsezkoak diren eraikinak leheneratzen ari dira, esaterako, Santa Ana gatzaren biltegia, erabilera anitzeko areto izan dadin, eta Revillakoa, Bisitarien Zentro gisa.